2009ko UDAL AURREKONTUAK ONARTU DITUGU GAUR GOIZEAN
Gaurko aparteko udalbatzan 2009ko Udal Aurrekontuak onartu ditugu. Krisiaren eraginez aurtengo aurrekontuak iazkoak baino dezente baxuagoak izango dira. Iaz 37.884.470 €koa izan zen eta aurten, berriz, 31.536.188 €koa izango da, beraz, % 20a jaitsiko da aurten Udal Aurrekontua, batez ere diru sarrerak, Foru Fondotik etortzen direnak jaitsi direlako.
Ezker Batuaren iritziz egoera honen errua ez dago bakarrik krisi ekonomikoan, diru sarrerak jaistearen arrazoi nagusienetako bat da Foru Aldundiaren zerga politika, azken 3-4 urteetan zergak jaitsi dira, batez ere, dirudunei eta enpresei. Famatua izan da Elkarteen Zergaren polemika, baina aurten Ondare gaineko zerga ere kendu dute, eta Pertsona Fisikoen Errenta gaineko Zergan ere urtero sartu dira aldaketak gehiago irabazten dutenei mesede egiteko. Politika honi krisi ekonomikoaren eragina gehitu zaio eta ondorioz udalak bere eginkizunei aurre egiteko baliabide ekonomiko nahikorik gabe geratu dira eta hori herritar behartsuenek ordainduko dute.
Azkenean gaurko Udalbatzan gai polemikoena txosnentzako diru-laguntza ezabaketa izan da. Beste urtetan 9.000 € bideratu ziren txosnen muntaketari eta aurten partida hori kentzea erabaki zuten PNV, EA, PSOE eta PP. Aralar eta Ezker Batua-k kontra bozkatu genuen eta gaur berriro bozkatu du partida hori berreskuratzeko alegazio baten alde, hala ere, berriro bakarrik geratu gara gai honetan. Gure ustez jai herrikoi eta parte hartzaileak izateko txosnak behar dira, gaur egungo txosna gunea ez da batere eredugarria eta hobetu behar da, baina horretarako beharrezkoa da Udalaren inplikazioa baita finantziazioa ere.
Beste bi alegazioen alde bozkatu dugu, enpresa batzordeak eta udal langileak aurkeztuta baina ez dira aurrera atera.
Azkenean aho batez onartu dugu aurtengo Udal Aurrekontua, ez da gure gustukoa baina egia esan egungo egoera kontuan hartuta eta Egonkortasun Legea aplikatu beharra dagoenez hauek dira onartu daitezken bakarrak.
Hemen klikatuz gero deskargatu dezakezu 2009ko Udal Aurrekontu osoak

Meneame
del.icio.us