EZKER BATUAk ASKATASUNAREN ETA BERDINTASUNAREN BALIO ERREPUBLIKARRAK ALDARRIKATUKO DITU EIBARREN
Apirilaren 19an, Errepublikaren Eguna ospatuko du Eibarren

Ezker Batua Berdeak-eko presidentetzak aldarrikatu egiten du askatasun, berdintasun eta senidetasunaren balio errepublikarrak indarrean daudela oraindik, apirilaren 14an II. Errepublikaren 78. urteurrena betetzen denean. Alderdi ezkertiarrak estatu-eredu hori omenduko du apirilaren 19an urtero bezala Eibarren egingo den ekitaldian.
EBko presidentetzak bere azken bileran onartu zuen ebazpenaren arabera, “errepublikanismoa ez da iragana, gero eta zabalduago dagoen gizarte-balioa da Euskadin, bai eta erabat askea den gizartearen aldeko aukera ideologikoa ere. Bertan, hain zuzen ere, kargu bat bera ere ez da herentziazkoa, herriaren borondateaz aukeratutakoa baizik”.
Era berean, alderdi ezkertiarrak bere testuan dioenez, Errepublika “ez da utopia”, eta, horren ondorioz, “estatu federal eta demokratikoaren esparruan elkartasun-balioak kontuan hartzen dituen III. Errepublika aldarrikatu behar da”.
Zentzu horretan, EBk nabarmendu duenez, “Errepublikaren aldeko borroka beste era bateko mundua sortzerik badagoela egiaztatzeko modua ere bada”.
Ezker Batuak gogoratu duenez, “Euskadiko udalerri askotan, alaitasun handiz agurtu zuten Errepublika, hoberako aldaketa izango zela eta berdintasunezko gizarte demokratikoagoa eratuko zuela uste zutelako”.
EKITALDIAK
Apirilaren 19an, Ezker Batuako militanteak, jarraitzaileak, kargu publikoak eta barne-karguak Eibarko Unzaga plazan elkartuko dira eguerdiko 12etan. Bertan, betiko moduan, bandera errepublikarra igoko du frankismoaren aurkako borrokalari historikoa den 92 urteko Marcelo Usabiagak.
Lehenago, 11:30ean, ekitaldi politikoa egingo da, eta honako hauexek parte hartuko dute bertan: EBko koordinatzaile nagusia, Mikel Arana; PCE-EPK-ko idazkari nagusia, Isabel Salud; eta Eibarko EBko zinegotzia, Elixabete Gómez. Amaitzeko, herri-dastaketa egingo da.

Meneame
del.icio.us