Indarkeria sexistaren beste biktima bat Gernikan
Zarauzko Udaleko Bozeramaileen batzordeak bere salaketa eta gaitzespen irmoenak adierazi nahi ditu, Gernikan martxoaren 23an, bere bikotekideak eraildako emakumearen heriotzaren aurrean eta alabari eragindako zauri larrien aurrean; eta horrekin batera gure elkartasuna eta doluminak bidali nahi dizkiegu bere familiartekoei eta lagun guztiei.
Era berean, gure solidaritatea eta babes osoa eskaini nahi dizkiegu tratu txarrak jasaten dituzten biktima guztiei, eta indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu guztiontzat.
Gainera genero indarkeria behingoz bukatzeko lanean jarraitzeko konpromiso sendoa berretsi nahi dugu. Bestalde, gizartea ere kontzientziatu eta jendeari eskatzen diogu, gertatzen diren kasu guztiak salatu ditzala, guztion artean arazo sozial honekin bukatu ahal izateko.
Jendeari ez ezik, botere judizialei eta polizialei ere eskatzen diegu, Genero Indarkeriaren aurkako Legea zorrotz bete dezatela.
Horrez gain, erakunde arteko hitzarmenarekiko gure atxikimendua ere adierazi nahi dugu; bertan jasotzen da Etxean jasandako tratu txarrek edo eraso sexualek eragindako heriotzen aurrean jarduteko prozedura, 2003ko maiatzekoa; prozedura horren xedea da, etxean jasandako tratu txarren eta sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei eskaini beharreko arreta hobetzea.
Uste dugu emakumeek bizi duten indarkeria egoera, gizarte honetan jasaten duten menpekotasun eta diskriminazio paperaren ondoriozkoa dela, beraz, behar-beharrezkoa dela berdintasun baloreak sustatzea gizonen eta emakumeen artean. Heziketarekin hasi behar da, emakumeek gai guztietan, bai lanean bai maila pertsonalean, autonomia lor dezaten, eta, aldi berean, tratu txarren biktimak babestu behar dira, azken finean indarkeria matxista oro desagertu arte.
Azkenik, herritar guztiak animatu nahi ditugu beren konpromisoa adieraz dezaten emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka. Izan ere, hori desagertzea nahi badugu, beharrezkoa izango da gizarte osoaren inplikazioa.

Meneame
del.icio.us