'Kotxekapotarik' gabe, hobe
Mila aldiz aldarrikatu dut udaletxean Bizkaia kalean oinezkoentzat bide egoki bat behar dela. Udala arazo honekin jakinaren gainean dago aspalditik, nik neuk EB-Berdeen ordezkari gisa ehunka aldiz esanda. Eta erantzukizunez jokatu ordez, zer egin dute? Egoera okertu.
Lotsagarria da gaur egungo egoera. Mugikortasuneko zinegotzi Alejandro Vazquezek hirigintzako udal batzorde batean hauxe erantzun zidan gaur egungo egoera justifikatzeko: Jendeak goiko espaloitik, etxeen pareko espaloitik joan behar zuela, eta aparkalekuak mantendu behar zirela bizilagunek horrela nahi zutelako. Hori da udal irizpidea eta kitto. Eta horregatik bide publiko honen egungo estutasun lotsagarria mantendu da hamarkada luze batean.
Arrazoia du Andres Odriozolak, egoera hau oraindik gehiago okertzeko, duela gutxi ipini dituzte zementuzko oztopo batzuk. Horrela arrisku gehiago dago erortzeko eta leku gutxiago pasatzeko. Irtenbidea ez zela kalea oztopatzea, baizik eta zabaltzea eta modu duinean jartzea, horixe bera esan nien udal teknikariei kaleko lanak hasi bezain pronto.
Nire ustez, tradizionala, betidanik erabilitakoa eta beharrezkoa den, eta babestuta egon beharko lukeen pasabide hau zabaltzeko erremedio bakar bat dago: gaur egun agintean dagoen Udal Gobernua aldatzea.
Herritarren beharrak eta bideak asetu baino, estutu besterik ez dituzte egin azken zortzi urte hauetan. Eta hau ez da bakarrik EB-Berdeen ordezkariek diotena, baizik eta jende askoren ezintasunaren eta amorruaren isla.
Mugikortasunaz eta hirigintzaz panfleto eta hauteskundeetako propaganda liluragarria kaleetan banatzeko EA-EAJkoek topagune bat behar badute, Bizkaia kalera joan daitezela, eroso egongo dira eta. Baina joatekotan, kotxekapotarik gabe hobe.
Patxi Coira
EB-Berdeen zinegotzia

Meneame
del.icio.us