AZKENEAN PUNTU EUS ELKARTEAK ESKATU ZIGUN MOZIORIK EZ ONARTZEA, BERAZ, EZ GENUEN TRATATU MOZIO HAU UDALBATZAN (Otsailak 26 )
(Datorren otsailaren 25ean, asteazkenean, mozio hau Udalbatzan aurkeztea erabaki genuen udal talde guztiok, aho batez

Pasa den urriaren 29an PuntuEus Elkartearen aurkezpena egin zen, helburua Internet sarean .eus domeinua lortzea. Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen baitako hamaika talde edota erakunde ezberdin elkartu dira helburu horrekin . Euskalgintza arlotik: Euskaltzaindia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazioa eta Euskal Idazleen Elkartea - Hegats. Hezkuntza arlotik: Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Ikastolen Elkartea – Partaide IEP eta Euskal Herriko Unibertsitatea. Eta azkenik, Internet eta komunikazioaren arloan: Euskal Irrati Telebista Herri Erakundea, Internetikak, Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkartea eta Euskadiko Informatikako Ingeniarien Elkargo Ofiziala.
Elkartearen aurkezpenean esaten denez: Euskara bezalako eremu urriko hizkuntzentzat, ateak irekiak ditu Internetek. Eta milaka euskaldunen parte-hartze aktibo eta konpromisoarekin, euskararen presentzia erreala bezain bizia da Interneten. Euskaraz bizi gaitezke eta euskaraz bizi behar dugu sarean, euskara bizi dadin.
Euskarak beraz, Interneteko espazio birtualean bere espazioa, izan, badu. Baina izanari izena jarri nahi diogu. Existitzen den euskarazko Internet horri, Interneteko Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitateari, ikur bat sortu nahi diogu. Sinbolo bat. Izen bat. Interneteko sareen sarean, euskara eta euskal kultura identifikatzeko balioko duen izen bat. Euskararen presentzia bera areagotuko duena, komunitatea indartuko duena. Interneten berezko kultura-aniztasuna egiazkoagoa bilakatuko duena.
Finean, munduan zehar barreiatua dagoen Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitateari nazioarteko aitortza eskainiko dion ikur bat lortu nahi dugu: .eus domeinua. Hori da PuntuEus Elkartearen abiapuntua eta helburua.Erronka horrek ordea, ibilbide luze bat eskatzen du. Ibilbide hori luzea izango da, baina ez da bidea asmatu behar. Duela hiru urte pasatxo sortu zen hizkuntza eta kulturak Interneten ikusgarri bilakatzeko lehen domeinua: .CAT, Hizkuntza eta Kultura Katalanaren Domeinua. Bidea, beraz, diseinatua dago. Eta diseinatua dagoelako, bide horretako lehen urratsak eman dira.
Euskararen eta euskal kulturaren Interneteko ikurra lortzeko ibilbidea, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitateak egin behar du. Komunitateak egin beharreko bidea da.
Gure ustez Euskal Kulturaren Komunitatearen baitan Zarautz, gure herriak, leku garrantzitsua dauka bai kuantitatiboki, hau da euskal hiztunen kopuruari dagokionez, bai kualitatiboki, zarauztar anitz baitaude euskal kulturaren eragile nagusien artean. Hau guztiagatik sinatzen dugun taldeok uste dugu Zarauzko Udalak aitzindari izan behar duela kanpaina honi atxikitzeko eta euskarari lurralde berriak irekitzeko, horrexegatik hauxe proposatzen diogu Zarauzko udalbatzarrari:
1.-Zarauzko Udalak bere babesa erakusten dio Internet sarean .eus domeinua lortzeko kanpainari eta dei bat luzatzen die zarauztar guztioi bere atxikimendua erakusteko www.puntueus.org web orriaren bitartez.
2.- Kanpaina hau suspertzeko Zarauzko Udalak bere web orrian www.puntueus.org helbidera konektatzeko esteka zuzena jarriko du.