
Zarauzko EA, EAJ, PSE eta Ezker Batua-Aralarrek udaletxeko agintaldi honetarako gobernu-hitzarmena eztabaidatu genuenean, gai batzuetan ez ginen adostasunera iritsi. Gai horietako bat izan zen malekoian bidegorria zabaltzeko ideia eta, adostasunik ez zenez, pentsatu genuen hobe zela erabakia Zarauzko herritarrek hartzea, herri galdeketa baten bidez.
Galdeketa hori prestatzeko, lan talde bat eratu zen. Taldean zenbait elkarte bildu ziren, gai honetan iritzi desberdina dutenak. Beren artean bilera batzuk egin dituzte eta, halako batean, malekoian bizikleta nola erabili proposatzen duen dokumentu bat adostu dute, maiatzaren 9an eta ondorengo astean herritarrei egingo zaizuen galdeketa horretarako. Proposamenean zehaztuta daude bizikleta noiz, non eta nola erabili ahal izango litzatekeen.
Gure udal taldeak nahiago luke lan taldearen proposamenak bidegorria malekoian nondik nora joango litzatekeen zehaztuko balu, besteak beste horixe litzatekeelako, gure ustez, oinezkoak eta bizikletazaleak bereizteko modurik seguruena eta egokiena, hala ere, ontzat jotzen dugu lan taldearen emaitza eta herritarrei eskatu nahi dizuegu proposamena onartzeko, baietz esateko bizikletak malekoian erabiltzeari. Horretarako, baditugu zenbait arrazoi:
• Hasteko, lehen esan dugun bezala, gai hau erabakitzeko erabili den metodologia denon artean adostua izan da eta gure ustez egokia da: batetik, erabakia herritarrek hartuko dutelako eta, bestetik, galdeketarako proposamena herriko zenbait eragilek osatutako lan taldeak prestatu duelako.
• Bigarrenik, gure ustez Zarautzen bizikletaren erabilera sustatu egin behar dugu. Lehendik ere, Zarautzen bizikletaren erabilera Euskadi osoko handienetakoa da. Bizikletari bideak zabaldu behar dizkiogu ahalik eta toki gehienetara iritsi dadin, aterik itxi gabe, ez bada oinezkoen eta bizikleten arteko elkarbizitza ezinezkoa den kasuetan. Horregatik, beharrezko ikusten dugu bizikletek aukera izatea malekoian ibiltzeko, horixe baita zarauztar guztiok ibilian ibiltzeko herri barruan daukagun espaziorik handiena. Malekoian urteko egun gehienetan nahikoa toki egoten da guztiontzat, oinezkoentzat eta bizikletazaleentzat.
• Azkenik, uste dugu proposamenaren alde herritar askok egiten baldin badu, bultzada handia emango diogula bizikletaren erabilerari eta, Zarautzen bidegorrien sare integral bat ezartzeko bidean, beste neurri batzuk hartzeko aukera emango digula. Eta, era horretan, aukera izango dugula urratsak emateko mugikortasun eredua aldatzeko bidean, automobilean oinarrituko ez den mugikortasuna bilatze aldera.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, Ezker Batua-Aralar udal taldetik animatu egin nahi zaituztegu zarauztar guztiak maiatzaren 9ko galdeketan erantzuna ematera, eta malekoian bizikleta erabiltzeari baietz esatera. Gure ustez, horrela izango da, horixe espero dugu.