
Biharko Udalbatzan udal talde guztiok aurkeztutako mozioa onartuko da. Mozio horretan energia eolikoari babesa erakusten diogu, baina Gazume-Ernio-ko kasuan esaten dugu hori ez dela kokapen egokia naturgune babestua izateagatik.
Horrelako mozioak onartu dira bai Batzar Orokorretan bai beste zenbait Udaletan,
MOZIOA
Ernio–Gazume, dituen ezaugarri bereziengatik eta babestutako eremua delako, balio izugarria duen ingurune natural bat da. Gipuzkoako bihotzean kokatua dago, Gipuzkoako mendien artean bisitatuena da eta gipuzkoarrontzat aparteko garrantzia dauka, bereziki Oria eta Urola erdian eta Urola kostan. Beraz, zaindu beharreko ingurunea da, hainbat arrazoirengatik:
1.-Arrazoi kultural eta historikoengatik, oso ondare aberatsa delako.
2.-Eskaintzen duen paisaia zoragarriagatik.
3.-Interes Komunitarioko Gune izendatua delako, Natura 2000 sarearen barruan. Bertan, galtzeko arriskuan zeuden babestutako habitat bereziak daudelako.
4.-Hegazti migratzaileen pasagunea delako.
5.-ZEC izendapena lortzeko bidean, hasita dagoelako kudeaketa plana egiteko prozesua.
Ez da ulertzen, ezaugarri garrantzitsu horiek guztiak biltzen dituen gune batean parke eoliko bat jarri nahi izatea. Ez da ulertzen, horrek ingurumenean sortuko lukeen kalte konponezinagatik. Lurrak mugitzeak, hango bideak zabaltzeak eta bide berriak egiteak eta lan horiek sortuko luketen zaratak kalte zuzena eragingo lieke ingurune hauskor horretan babestuta dauden habitat bereziei. Parke eoliko horretan aurreikusten den energia maila sortzeak ez du, inola ere, konpentsatzen ingurunean sortuko dituen eragin kaltegarri horiek guztiak.
Bestetik, Lurraldearen Arloko plana egin zenean, Gazume artean ez zegoen LICen zerrendan, geroago sartu zen, eta horrek ondorio nabarmenak ditu, batez ere Ingurumen Ebaluazioa egiterako orduan.
2009ko apirilaren 17an, Euskal Herriko Aldizkari ofizialean jende aurrean jarri ziren Errezil, Asteasu eta Azpeitiko udalerrietan Gazumeko parke eolikoaren instalatzeko behar den administrazio-baimenaren eskabidearen espedientea eta ingurumen-inpaktuari buruzko deklarazioa. Horrek berriro ere mahai gainera ekarri du aspaldidanik esku artean dugun erronka: Energia Eolikoaren Lurraldearen Arloko Plana berritzea eta onartu diren araudi eta legedi berrietara egokitu beharra.
Horregatik guztiarengatik, eta sinatzaileon azken xedea garapen iraunkorra delako, beharrezkoa ikusten dugu Energia Eolikoaren Lurraldearen Arloko Plana berritzea. Hori hiru ardatzetan oinarrituta egin beharko litzateke: ekonomia, ingurumena eta gizartea. Energia berriztagarriak bultzatu behar dira, garapena eta ingurumena babestea bateragarri eginez. Horretarako beharrezkoa da 2002 urtetik onartzen joan diren araudi eta legedietara egokitzea.
Jakinik proiektu honek gure eskualdean eta gure lurraldean nolako eragina izan dezakeen, talde sinatzaileak premiazkoa ikusten du Udalak gai honen inguruan duen jarrera herritarrei ozen eta garbi agertzea eta Eusko Jaurlaritzari helaraztea, nahiz eta udalerriaz gaindiko gai bat izan.
Hori dela eta,
1.-Kontuan hartuta Gazume Interes Bereziko Gunea dela eta ZEC izendapena lortzeko Kudeaketa Plana aurreratua dagoela, Zarauzko Udalak dei egiten dio Eusko Jaurlaritzari Gazume inguruan Parke Eolikoa ezartzeko proiektua eten dezan. Prozesuaren emaitzak jakin arte proiektuaren adjudikazioa uztea eskatzen dugu, kalte konponezinik gertatu aurretik.
2.-Halaber, dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari, 2002ko Maiatzaren 14an, 104/2002 dekretu bidez onartutako Energia Eolikoaren Lurraldearen Plana berritzera; eta eskatzen diogu, hori egiteko orduan, garai berrietara egokitutako teknologiak eta ingurumenari buruzko irizpide berriak erabiltzeko.
3.- Zarauzko Udalak energia eolikoari babesa adierazi nahi dio, energia berriztagarri hau, garbia, oparo, fidagarri, eta errentagarria delako, eta lanpostuak sortzen dituelako, baita ezinbesteko tresna delako ere, klima aldaketari aurre egiteko. Baina energia honen kokapenak aukeratzean, ezin dira arriskuan jarri ingurune sentsibleak, bereziki babestutako esparruak, Gazume adibidez